Zigoititik Urkabustaizera (baita Koartangon ere, baina udalerri hau ez dago Zuiako Koadrilan), Erdi Aroan erromaniko mota ezberdin bat hedatu zen, landatarra eta sinplea. XII eta XIII mendeetako hondarrak dituzte eliza horiek. Bisita honetan, batez ere garai horretako elementuak dituzten elizak ezagutuko ditugu.
Olano herrian eliza erromanikoa bisitatuko dugu, atariari eta sabaiari begiratzen badiogu gotikorako trantsizioan dagoela ikusiko dugu. Bere erretaula gotiko izugarria, gaur egun ezin da eliza honetan bisitatu, 2013ra arte Gasteizko Elizbarrutiko arte sakratuaren museoan dago. Zaharberritzera eraman zuten, eta gaur egun erretaula ikusteko Gasteizera gerturatu beharra dago. Hala ere, laster izango dute erretaula herrian. Elizaz gain, errotara gerturatu ohi gara, nola funtzionatzen zuten ikasi eta kondaira ezberdinak ezagutzeko.
Goiurin bukatzen da bisita, oso ezaguna den ur-jauziaz gain (ezagutzen ez baduzue ezagutu beharra dago), ur-jauziaren kondaira eta bertako eliza erromanikoa ezagutuko ditugu. Errota ikusteko aukera ere badago herri honetan. Beste sarrera batean aipatu genuen bezala, bisita hauek ez dira itxiak. Norberak egin dezake puzzlea bere nahien arabera. Bisita honekin lotuta, gertutasunagatik, Murgiako Eztiaren Museoa eta Sarriako errota eta karobia daude. Hori bai, guztia ikusi nahi izanez gero, Olano, Oro, Eztiaren Museoa, Sarriako errota eta karobia eta Goiuri ia egun guztia beharko genuke. Umeak izanez gero, Eztiaren Museoa gomendagarria da, txikia izateaz gain, bideo motz bat eta botoien bidez pizten diren argazkiak baititu.


